NOR GARA

SUARGI ELKARTEA

2016 – urtean Adrian, Jonbi, Markel eta Mikel bidaia honetan abiatu zirenean ezin zuten ezta imajinatu ere bidea horrelakoa izango zela. Bi urte geroago bidaiara Aitor, Alaitz, Eider, Elena, Esther, Maria eta Martin gehitu ginen. Oraindik ere harritu egiten gara bideak hartu duen norabideaz. Liburu hau horren isla da.

Baina, bidaia ez zen 2016. urtean hasi, ez. Askoz lehenago hasi zen, zehazki 1937ko martxoaren 31n, Italiako Aviazione Legionaria-ko hegazkin faxistek Durango bonbardatu zutenean. Bost egun iraun zuten bonbardaketek gure hiria suntsitu zuten. Biztanleriaren %4k bizia galdu zuen. Hildakoak Durangoko kanposantura eraman zituzten, eta asko eta asko hobi komunetan lurperatuak izan ziren. Gaur egun, oraindik ere, hobi komun horietan lurperatuak izan ziren guztiak identifikatu gabe daude. Ezin izan zaizkie familiei entregatu eta merezi duten hileta duina eman.

Estatu Islamikoko jihadistek 2014. urtean Kobane herria bortizki erasotu zuten. Erasoak sei hilabete eta bi egun iraun zuen. Kobane Turkiako mugaren ondo-ondoan dago, eta horri esker milaka kazetari izan ziren erasoaren lekuko, beraz, munduak bazuen inbasio horren berri, baina laguntza ez zen egun batetik bestera iritsi. Guztiok dakigu laguntza zenbat eta gehiago luzatu, sufrimendua ere gero eta gehiago luzatu egiten dela. Kobaneko eta orokorrean Rojavako pertsona guztien begietan ikus daiteke sufrimendua. Gu geu horretaz jabetu ginen hara joan ginenean.

Adrianek, Markelek eta Mikelek medikuntza ikasketak bukatu ondoren, Jonbirekin batera Siria Iparraldera bidaiatu zuten, gerra testuinguruan bertako osasun sistema ezagutzeko. Bertan, Kobane eta Durangoren artean uste baino antzekotasun gehiago daudela ikusi zuten. Kobanen ere horretaz jabetu ziren, eta bi herrien arteko senidetzea proposatu zuten. Durangoko Udalak aho batez egin zuen senidetzearen alde. Baina senidetze hau ez zen izan edonolakoa. Izan ere, Siria iparraldeko iraultzari, emakumeen iraultza ere esaten zaio, emakumeek lortu dituzten eskubideengatik. Durangon ere, emakume mugimenduak protagonismo handia du, azken urteetan Euskal Herriko mugimendu feministak hartu duen indarraren erakusgarri. Horrez gain, muturreko islamistek suntsitu zuen Şilan emakume akademia dago Kobanen, eta Durangon Andragunea daukagu. Beraz, ez genuen zalantzarik izan. Senidetzeak genero ikuspegia izan behar zuen eta, senidetzearen ordez, ahizpatzea deitu genion.

Ahizpatzea 2017ko martxoaren 17an sinatu zen, Durangoko bonbardaketen 80. urteurren ekitaldien baitan;  Emakumeen Nazioarteko Egunaren (martxoak 8) eta Newroz Urte Berri Kurduaren (martxoak 21) data sinbolikoen artean.

Jakina da historia irabazleek idazten dutela, eta beraien kultura, hizkuntza eta artea inposatzen dituztela. Euskal Herrian ongi ezagutzen dugu hori. Gerra zibilaren ondoren ezarri zen diktadura faxistak euskal kultura eta hizkuntza erabat baztertu zituen.

Kultura eta nortasuna kontrolatzea eta honi mugak jartzea indarkeria mota bat da, pertsonen pentsatzeko, hitz egiteko eta adierazteko eran eragina duelako. Kulturak rol garrantzitsua du sistema menderatzailearen ezarpenean. Euskal kultura eta euskal identitatea lotsatu beharreko zerbait bilakatu ziren diktaduran. Euskal Herriko lurralde batzuetan gaur egun oraindik hau mantendu egiten da. Nafarroa, adibidez, hiru eremutan banatua dago euskara mintzatzeko eta ikasteko eskubidearen arabera. Iparraldean, berriz, Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituei eskubideak kentzen dizkion legea onartu berri du.

Siria Iparraldean zapalkuntza kultural, militar eta politikoa jasan zuten urteetan, bertako etnia, identitate eta erlijio gutxituak klandestinitatean bizi ziren. Rojavako iraultzaren ondoren, klandestinitatean bizi ziren etnia eta identitate desberdinak azaleratu dira. Eskualde aberatsa eta anitza da Rojava. Nahiz eta gehienak kurduak izan, badira arabiarrak, turkomanoak, asiriarrak, armeniarrak eta yazidiak ere. Rojavako Iraultzaren oinarrietako bat da kultura, hizkuntza eta identitate aniztasunei errespetua. Iraultzaren arrakastaren gakoetako bat, baita bere zorigaitzaren arrazoia.

Emakumeak izan dira belaunaldiz-belaunaldi etxeko berotasunean ohiturak, usadioak eta hizkuntza mantendu dituztenak. Beraz, ez da kasualitatea, Daex bezalako talde jihadistek emakumeak jomugan izatea. Adibide argia daukagu sexu esklabotzat hartutako emakume yazidiekin. Hauek, kurduen komunitate erlijiosoa izateaz gain, etnia ere badira, elkarren artean izaten baitituzte ondorengoak. Ondorioz, mendetan beraien nortasunari fidel eutsi diote. Estatu Islamikoak emakume yazidiak indarkeriaz hartu zituenean, etengabe bortxatu zituenean, nortasun horri, komunitate horri, zauri konponezina sortu zion.

Historian askotan errepikatu dena da, gerran emakumeak bortxatu eta erasotu egiten direla komunitatea zauritu nahian. Hego Ameriketatik Afrikaraino. Asiatik Europara. Mundu mailako aldarria bihurtu da emakumeon gorputza gudu-lurraldea ez dela oihukatzea. Siria iparraldeko iraultzari emakume iraultza deitzeak zentzu osoa hartzen du. Mundu osoan ematen ari den iraultza iraultza feminista berresten den bezala.

Rojava bisitatu genuenean, ezin genuen imajinatu zeinen antzekoak diren Rojava eta Euskal Herria. Jasandako eraso faxistak, Durangokoa eta Kobanekoa, Euskal Herrikoak eta Rojavakoak ez ditugu inoiz ahaztuko. Hangoetan zein hemengoetan, guztion barruan bizi da oraindik. Baina hainbeste sufritu ondoren loratzea besterik ez da geratzen. Eta horrela egin dugu.

Haientzat, zuretzat, guretzat, guztiontzat.

Jin, Jiyan, Azadi.

Emakumea, Bizitza, Askatasuna.